XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Nire poza!... Non zeuden, galdetu diot, eta gizonak begikotasun hunkigarriz lagundu dit, hurbil... hementxe daude oraindik agerian markak!....

Bi solairuko etxetxo berdinez osatutako kalea da, bakoitzak bere lorategi txikia aurrean duela.

Hemendik aurrera... egina dago! Gizona eta txakurra eskertu ditut bihotzez, honi burutik eskua pasiaz, eta utzi naute, joan dira....

Hasi naiz orain kale mutur batetik buzoiak banan-banan, kontu handiz, begiratzen, txirrinaren bila orain; badaezpada ere gertutik behatu behar dut....

Laugarren etxetxoan ez dut begiratu beharrik izan, tiranteak eta kapela daramatzan gizon bat belarra ebakitzen ari delako, eta Nathalie-ren etxean ikasleak bakarrik bizi baitira!....

Hala, gizonaren etxaurretik pasa eta aurrera noala, gizona bera izan da ausarki neri begira geratu dena, eta gero bere lana utzi, motorra geratu, eta galdetu didana: (Ongi sentitzen zara, andrea?) Hirurogei bat urteko gizon mehe-txiki bat da.

" Bai erantzun diot, eskerrik asko.

Eta tirante, kapela eta betaurrekodunak jarri du motortxoa martxan berriz.

Neure bideari segitu diot, geratu gabe, badaezpada ere!....

Honelaxe pasa dut kale guztia, etxez etxe, atariz atari, buzoiaren ondoan dagoen txirrinaren bila, eta kontu handiz arakatu dut hau, zeren eta oso txikiak, diskretuak!, diren txirrinak ere egiten baitira gaur egun....

Eta itzulian kaleko beste aldetik hasi naiz gero gauza bera egiten....

Somatu dut bere lorategiko belarra mozten ari den gizonak ez nauela bistaz galtzen....